01
Ots
2010
12:48

Ele-alea: euskara ikasten ari direnentzako saio berria Euskadi Irratian

Lotura

HABE eta Euskadi Irratiaren artean prestatu dute saio berri hau. Lehenengo saioa gaur iluntzeko 9etan emitituko dute. Sarean oraingoz ez dugu informazio askorik aurkitu, baina euskaltegietara bidali dute jakinarazpena:


Euskadi Irratia HABErekin lankidetzan euskaldun berrientzat irratsaio berri bat emititzen hasi da gaur otsailaren 1a iluntzeko 21:00etatik 21:30era. Xabier Sukia kazetaria izango da gidari eta berarekin batera euskara ikasten ari edota aritu diren gonbidatuak izango ditu alboan.

Egun ikasten ari diren ikasleak saiora joan daitezen animatu nahi ditugu eta horretarako zuen laguntza behar dugu. Azpimarratu nahiko genuke saioa oso entretenigarria izango dela: elkarrizketak, abestiak, trikimailuak, txisteak, lehiaketak… izango dira osagai nagusiak. Baina, era berean helburu didaktikoa ere izango duen aldetik, hainbat entzungairen lanketa egiteko proposamenak egingo dizkigu Xabierrek HABEren laguntzaz. Entzun aurretik, hiztegia landu eta ulermenerako baliagarriak izango diren tresnak eskainiko dizkigute, eta entzun bitartean eginkizunen bat proposatuko. Eginkizun horiek ondo egiteak izango du saririk, irratsaioa bete sari baitator.

Euskadi Irratiko programazioan euskaldun berrientzat propio egokitutako irratsaio bat diseinatu dugu, beraz, Euskadi Irratiko arduradun eta HABEko materialgintza ataleko teknikariok. Irratia oso baliabide egokia dela iritzita, euskara ikasten ari direnentzat egokia den irratsaio bat sortzen saiatuko gara. Hauexek lirateke ezaugarri nagusiak:

  • Irratsaioaren hartzailea euskaldun berria izango da, euskara ikasten ari den heldua. Une honetan Euskadi Irratiko entzulegai baina etorkizunean entzule oso izango dena.
  • Irratsaioak izaera entretenimenduzkoa izango du, baina baita didaktikoa eta informatzailea ere
  • Irratsaio honen bidez, euskara-ikaslearengana hurbildu egingo gara, ahozko ulermenean dituen zailtasunak gainditzen lagunduz. Hori dela eta, euskara-ikasleari aurkeztuko dizkiogun ahozko testu-erak hobeto ulertzen laguntzea izango da irratsaioaren helburu didaktiko nagusia. Horretarako, ahozkoaren ulermena garatzeko, baliabide lexikalak nahiz azalpen gramatikalak eskainiko dira irratsaioan.
  • Irratsaioan eskainiko diren edukien trataera eta proposatuko diren eginkizun edo atazak mailakatuak egongo dira eta irratsaioan bertan emango dira erantzunak.
  • Irratsaioak www.ikasbil.net atariarekin lotura estua eta zuzena izango du: eduki guztiak atarian argitaratuko dira eta audio-eduki guztien transkripzio eta ariketak atarian deskargagarri egongo dira. Hartara, elkar elikatuko duten zerbitzu bat eskainiko dugu.
  • Era berean, HABE aldizkariak hilero irratsaioaren berri emango du, hurrengo hilabeteko gonbidatuak nortzuk izango diren aurreratuz eta informazio osagarria eskainiz.
  • Irratsaiora etorriko diren gonbidatuak euskara ikasten ari direnentzat motibagarriak izango dira, euskaldun oso izatera iritsi diren hainbat ikasle eredugarriren testigantzak bilduko baititugu. Adibide edota trikimailu praktiko eta eraginkorrak azalduz, ikasle arrakastatsu izatera nola iritsi diren eta zein estrategiaz baliatu diren kontatuko digute. Era berean, egun euskaltegian diharduten ikasle nahiz irakasleak ere gonbidatu nahi ditugu. Gaur egun “bidean” dauden ikasleen eta bidelagun dituzten irakasleen ikuspegia ere oso baliagarria eta aberasgarria dela iruditzen zaigulako.
  • Lehiaketak, hitz-jokoak, asmakizunak... Ikasleen parte hartzea sustatzeko aproposak diren irrati bidezko jolas ugari aurkituko dituzue.
  • Euskalduntze-alfabetatze sektoretik nahiz euskal kulturatik sortutako berri interesgarriak ere eskainiko dira: matrikulazio-kanpainak, argitalpen berriak, azterketa-deialdiak... Euskara-ikaslearentzat interesgarria izango den albistegia, hain zuzen.
  • Galdera-erantzunen tartea zabalduko dugu beren proposamen nahiz iradokizunak biltzeko asmoz. Horretarako, zuzeneko telefono honetara deitu edota posta elektronikoz helarazi behar dituzte iritzi eta galderak: 943.01.22.50 edo elealea@eitb.com. Zuzeneko saiora deitu nahi duenak hauxe du telefonoa: 943.01.22.00.
  • Zuzeneko irratsaioa astelehen iluntzetan 21:00etatik 21:30era izango da. Larunbat eguerdietan saioa errepikatuko dute.

 Lerro hauetan adierazi dizuegun bezala, euskara-ikasleentzako irratsaioa izango den neurrian, euskaltegien sarearen parte hartzea ezinbestekotzat jotzen dugu. Beraz, har itzazue ele hauek saiorako gonbidapen gisa.

Egitasmo honen zabalkundean lagunduko eta ikasleak irratira joan daitezen animatuko dituzuelakoan, ongi izan.

0
Bozkarik ez oraindik
Zure balorazioa: Bat ere ez

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.

Tags for Ele-alea: euskara ikasten ari direnentzako saio berria Euskadi Irratian

Sindikatu edukia