19
Mar
2012
16:43

Komunikabideak komunikazioan integratzeko

Beraz, ezagutzaren arloan egin diren aurrerapen handiei segida emateko eta eskolak euskalduntzen dituen horiek euskararen komunitatean integratzeko, estrategikoak dira komunikabideak. Euskaldun sakabanatuak euskarazko komunikazio espazioan sartzeko bide eraginkorrak eta, horren ondorioz, erabilera areagotzeko tresna paregabeak; baldin eta erabilera kontzeptua orain baino modu zabalagoan ulertzen badugu. Komunikabideek Txillardegik zorrotz aztertutako oztopoa —elebakar erdaldunen presentzia— gainditzen dutelako.

— Josu Amezaga

5
Batez bestekoa: 5 (1 vote)
Zure balorazioa: Bat ere ez

Komunikabideek erdaldunen presentzia gainditzen lagundu?

Luistxo Fernandez (ez da egiaztatu) (e)k bidalita 2012, Martxoa 19 - 16:56(e)an.

Ez dakit ze txisteratik atera duen Josu Amezagak azken ondorio hori. Hedabideen esparruan, desoreka diglosikoa, gero eta handiagoa da. Gero eta gauza gehiago dago kontsumitzeko aukera, erdaraz. Eta euskaldun sakabanatuak elkartu daitezke Interneten edo, agian, zehatzago orain, Interneteko sare sozialetan edo socialmedia esparruan: baina erdaldunekin hor topo egiteko aukera lehen bezalakoa da, edo handiagoa. Ez dut ulertzen bere ondorioa.

Sakabanaketa eta hedabideen indar integratzailea

benito (e)k bidalita 2012, Martxoa 19 - 18:13(e)an.

Nik ulertu dudana. Euskaldunak (euskara dakitenen multzoa) gero eta sakabanatuago bizi dira, eta erdaldunen (elebakarren) artean gero eta nahasiago.

Hedabideek hizkuntza erabiltzeko eta komunitatea integratzeko funtzio bat bete dezakete hor, hizkuntzaren erabilera era zabalago batean ulertuta (hedabideen erabilera eta "kontsumoa". hirugarrengo edo laugarrengo erabilera maila deitzen diona), hedabideek (telebista irratia, sarea...) hiztunak kohesionatzen dituzte (txinatarren adibidea eman du hori azaltzeko).

Akaso Txillardegiren erreferentzia horrekin esan nahi du euskarazko hedabideen inguruan  euskaldunak batuko direla eta ez dela erdaldunik agertuko ohiko bizimodu analogiko-fisikoan gero eta errazago gerta daitekeen modura, hizkuntza haientzako oztopoa da-eta.

Nik horretaz zalantza dut. Ez hainbeste erdarazko medioen edo erdaldunen "interferentziagatik", euskarazko hedabideekin gertatzen den komunikazio-mailagatik baino.

Beste era batera esanda, hedabide horiekin ez bada lortzen praktikotasun maila bat komunikazioan eta hizkuntzak hor ez badu balio komunikatiborik hartzen, erabilera hori maila sinbolikoan edo marginalean gera daiteke erraz asko, eta ez du ez hiztunik bilduko, ez hizkuntzaren erabilerarik sustatuko.

Komunikabideak garrantzitsuak edo estrategikoak izango dira, baina komunikazioa bera gehiago.

Komunikabideak

Josu Amezaga (ez da egiaztatu) (e)k bidalita 2012, Martxoa 20 - 10:33(e)an.

Ez dut esan nahi komunikabideen munduan euskarak presentzia handia duenik, absurdua litzateke hori. Telebistaren arloan soilik euskararen presentzia, gaur egun, eskaintzaren % 0,1 izan liteke (euskarri guztiak kontuan hartuta, antenatik DSLraino). Esan nahi dudana da komunikabideek aukera ematen dietela sakabanatutako euskaldunei hiztun komunitatearekin harremanetan egoteko (hirugarren mailako harremanetan), batetik; eta hiztun komunitateari sakabanatutako euskaldun horiengana iristeko, bestetik. Batetik eta bestetik, komunitatea osatuz. Eta harreman hirugarrendar horietan komunitatea osatzen da. Adibide bat: nazioa. Gudari batek ez du bere bizitza ematen familiarekin edo lagunekin dituen harremanetan soilik eraiki duen nazioarekiko atxikimenduagatik; hirugarren mailako harreman horietan eraiki duen nazioaren ideiagatik ere ('irudikatutako komunitatea' deritzogu) ematen du. Eta bizitza komunitatearen alde ematea , atxikimendu handiaren erakusle da. Beraz, horko komunikazioa 'sinbolikoa' soilik izan da?

Gurera itzuliz, komunikabideek harreman hori ahalbidetzen dute; beste kontu bat da, jakina, hiztunak zein interes duen komunitatearekin harremanetan jartzeko, edo honek zein erakargarritasun duen hiztunentzat. Nik ez dut esaten euskaldunak komunikabideen inguruan bilduko diren ala ez; aukera hor dagoela eta landu beharrekoa dela diot, eta estrategikoa iruditzen zaidala.

Komunikabideek, bestalde, Txillardegik aipatzen zuen oztopoa gainditzen dute: euskarazko komunikabideetan euskaraz aritzen gara; oraindik ez dut aurkitu erdarazko mezurik Sustatun, e.a. Noski, hau ez da % 100 betetzen (ETB-1en erdaldunak agertzen dira batzuetan), baina ehuneko handi batean bai. Eta honez gero argi uzten dut zertaz ari naizen 'komunikabideez' ari naizenean: jende askorenagana iristen diren, atzetik egitura instituzionalizatua duten, eta harreman hirugarrendarrak eragiten dituzten erakundeez ari naiz: prentsa, irratia, telebista eta antzekoak, gehienbat, berdin dio zein euskarritan hartzen ditugun. Oraindik ez dakit sareko harreman pertsonalak edo 'sare sozial' deituak non sailkatu beharko nituzkeen, baina gehiago ikusten ditut harreman primario edo bigarrendarretan (lagunartekoen parean alegia) hirugarrendarretan baino. Horregatik ez ditut sartzen 'komunikabide' kontzeptu klasikoaren azpian.

Kontuan hartu behar dugu komunikabideen beste ezaugarri bat: elkarrekintza abiatzea eta aldatzea oso erreza dela. Familia edo lagunak aldatzea oso zaila da, medikua edo lankideak ez hainbeste baina zail izaten jarraitzen du; komunikabidea aldatzea ordea teleaginteko botoi bat edo pantailako puntu bat ikutzea bezain erreza da. Beraz, harremana sarritan aldatzea litekeena ezeze, ohikoena ere bada.

Honekin batera beste honako hau: komunikabideen eskutik euskarazko komunikazio espazioan sartzen garela diodanean, ez dut irudikatzen espazio hori itxi eta esklusibo bezala. Euskaldunak elebidunak gara, eta komunikazio espazio ezberdinetan mugitzen gara aldi berean, batetik bestera jauzi eginez. Nekez imajina dezaket, gaur egun, bere bizitzako atal guztiak (komunikabideak barne) euskara hutsez garatzen dituen euskaldunik. Eta etorkizun hurbilean, are gatzagoa egiten zait hori ikustea, batez ere euskaldunen gehiengoaz ari bagara. Batzuk etxean biziko dira euskaraz, beste batzuk lantokian, beste batzuk komunikabideetan, e.a. Baina aldi berean beste hizkuntza batzuetan ere biziko dira, leku horietan bertan edo bestetzuetan.

Amaitzeko, ideia hauek txinatarren eta enparauen adibidetik bezainbeste atera ditut euskarazko komunikabideen behaketatik. Berria egunkariaren salmenta tasarik handiena (salmenta tasa = saldutako aleak / euskaldun kopurua) ez dago herri euskaldunenetan, herri erdaldun samarretan baizik. Kasu, Iruñean 15.000 euskaldun daude (populazioaren % 8) eta Berriak 400 ale saltzen ditu; Eibarren 13.500 euskaldun (populazioaren % 51), eta 100 ale saltzen dira. Euskaldun sakabanatu haientzat, beraz, estrategikoak dira euskarazko komunikabideak.

P.D. Txio luze hau idatzi ostean galdera bat otu zait: aspaldi utzi nuen nagusien euskalduntzearen mundua, beraz ez dakit: lantzen ote dira, euskaltegietan, euskarazko komunikabideak erabiltzeko gaitasunak?

Helduen euskalduntzean

benito (e)k bidalita 2012, Martxoa 20 - 12:40(e)an.

Helduen euskalduntzean euskarazko komunikabideak lantzen diren galdetu duzu. Eta nik neuk ezin dizut erantzun garbirik eman, izan ere sektorean egiten den guztiaren ikuspegi globala edukitzea ez da erraza: irakasle asko, euskaltegi eta zentro asko, talde eta ikasle asko eta ikasgeletan (fisiko nahiz birtualetan) zer egiten den eta hartarako zer prestatzen den ez da berehala lortu daitekeen informazioa izaten.

Edozelan ere, ausartuko nintzateke esatera badagoela joera handi bat euskarazko hedabideetako testuak (idatziak, ahozkoak zein ikus-entzunezkoak) erabilteko. Ikasbilen jasotzen diren dokumentu gehienak hortik aterata egoten dira. Gero horiekin klasean zer egiten den ez dakit.

Baliteke askotan testu horiek hizkuntz-elementuei erreparatzeko baino ez erabiltzea (sinonimoak, gramatika, hiztegia...), baina era berean sarri ikusten dira testu horien gainean klaserako eztabaidak, hausnarketak edo atazak plantzeatzen dituzten materialak, ariketak eta aktibitateak. Edo testu horien kokapenaren berri ematen duten eta haiek ezagutu eta erabiltarazten saiatzen diren irakasleak.

Erabiltzeko gaitasuna testuak erabiliaz eta testu horiei erabilpen motibagarria emanaz lantzen bada, esango nuke horretako asmoa dagoela eta ahalegina egiten dela oro har. Ezin dut orokorra eta erabatekoa denik esan, baina egon badago, eta ez dut uste marginala denik.

Bestalde, komunikabideak erabiltzeko gaitasuna garatzeari dagokionez, interesgarria iruditzen zait Europako Erreferentzia Markoak ekarri duen "trebetasunen" banaketa berria. Hedabideen erabilera orain arte "trebetasun pasiboak" deitu diren atal horretan kokatu da (entzutzekoaren ulermena, irakurmena). Banaketa hori EEMk zabaldu egin dut eta hiru atal ematen ditu: ahozkoarne ulermena (irratia adbz.), idatzizkoaren  ulermena (egunkari klasikoak adbz.) eta ikus-entzunezkoaren ulermena (telebista eta halakoei dagokiena).

Horrez gain, nire ustez, badira gaur egungo komunikabideen erabileran garatu beharreko beste gaitasun-trebetasun batzuk. EEMk dio hizkuntzarekin lau gauza egiten ditugula nagusiki: ulertzea, adieraztea, elkarreragina eta bitartekotza.

Gaur egun komunikabideak gero eta "interaktiboagoak" direla edo sarea inoiz baino "parte-hartzaileagoa" dela diogunean azken batean elkarreragin maila inoiz baino hadiagoa dela diogu. Elkarreragina solasaldiarekin lot dezakegu, normalean ohiko bizimoduko lehenengo eta bigarrengo mailako harremanetan gertatu ohi da (eguneroko solasaldiak), baina gero eta gehiago ari da gertatzen hedabideen inguruan (iruzkinak, foroak...) eta sareko socialmedietan (Twitter, Facebook....) praktikan jartzen den trebetasun nagusia dela esango nuke. Horrez gain, orain arte apenas gertatu den formatuan, idatzian.

Beraz , gaur egun pertsonak komunikabideak eta hedabideak erabiltzen gaitzeko ohiko trebetasun pasiboak ez ezik, seguraski ahozko eta -batez ere- idatzizko elkarreraginean ere trebatu behar dira.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.

Tags for Komunikabideak komunikazioan integratzeko

Sindikatu edukia