19
Urt
2012
18:35

Terriblea

Terriblea da euskaraz ikasi dutenek gaztelaniaz akatsak egitea.

Baina are terribleagoa da euskaraz ikasi dutenek euskaraz akatsak egitea.

Eta terribleena zera da, Zelaa andereak titulu bat emango diela opari. Behintzat unibertsitateko irakasle horrek «eskas» bat jar diezaieke akatsak egiten dituztenei.

— Xabier Etxaniz Rojo

Terriblea (Berria)

4.6
Batez bestekoa: 4.6 (5 bozka)
Zure balorazioa: Bat ere ez

Terriblea? Ez dakit, harritzekoa ez.

Ainhoa Ezeiza (ez da egiaztatu) (e)k bidalita 2012, Urtarrila 20 - 19:56(e)an.

Garbi dago naturala dela euskaraz ikasi dutenek gaztelaniaz akatsak egitea. Gaur bertan aritu naiz Magisteritzako ikasleen gaztelaniazko azterketak zuzentzen (gaztelaniako irakasle naiz orain) eta ez nau harritzen noizean behin "motibación" edo "objetibo" ikusteak. Ikasle hauek Magisteritza ere euskaraz ari dira ikasten eta hamaika aldiz idatzi dute "motibazioa" behin "motivación" idazten dutenerako. Nahaste horiek oso dokumentatuta daude elebitasunaren inguruko ikerketa serio askotan.

Euskaraz ikasi dutenek euskaraz akatsak egitea terriblea dela? Hori ez dut hain garbi ikusten. Zergatik diot hori? Honatx:

- Orokorrean, ortografiaren garrantziaren gaineko presioa asko jaitsi da, oro har gizartean eta baita (ondorioz) hezkuntza-sisteman ere. Gaztelania hutsez ikasi duten ikasle elebakarrek ere, akats ugari egiten dute gaztelaniaz. Adibidez, famatuak dira "haber si vienes" eta halakoak. Ikasle batek baino gehiagok aitortu dit "tildeak jartzeari utzi diola baliorik ikusten ez dielako" (eta institutuan ez zitzaielako garrantzirik ematen).

- Euskarazko ortografiak hamaika buelta eman du. Ados, Euskaltzaindiak kontu asko finkatu zituen 1992an eta hori oso, oso aspaldi da. Unibertsitateko oraingo ikasleak 80. hamarkadaren amaieran jaiotakoak dira eta horrek ez zukeen eraginik izan beharko. Baina galdera da beraiek izan dituzten zenbat irakaslek ezagutzen dituzten arau horiek. Nire ustez, normalagoa da euskaraz ortografia akatsak egitea gaztelaniaz egitea baino. Ulergarriagoa. Ez behintzat "terriblea".

- Gaztelaniazko probarik ez zaie egiten eta inork ez du zalantzan jartzen gaztelania ez dakitenik, jakitun bagara ere ikasle batzuk ez direla trebe-trebeak. Horiei ez die Zelaak titulua oparitu, sistematikoki eta oso aspalditik oparitu baitzaie (oparitu bazaie). Euskaraz ikasi duen ikasle batek euskara-maila aitortzeko azterketa bat egin behar izatea hezkuntza-sistemaren porrota onartzea da, ze euskaraz ikasitako matematikak, historia, filosofia, euskara, biologia... gainditu badute, nork esan dezake ez dutela hizkuntza gaitasun nahikoa? Ala gainerako diziplinetako titulua oparitu zaie?

Nik Magisteritzan ditudan ikasleetako askok irakasgairen bat ingelesez hautatu dute (ez dago eskaintza handirik), euskaraz ikasten dute eta gaztelaniako atalak ere gainditzen dituzte (bakan batzuk izan ezik). Jakin nahi nuke egunean zehar hiru hizkuntzatan jarduten duten pertsonek zenbat akats egiten duten hizkuntzetako bakoitzean, nolakoak eta zergatik. Niri gertatzen zait eta zenbaitetan kosta egiten zait zuzentasunez eta egokitasunez aritzea hizkuntzaz hizkuntza saltoka nabilenean. Baina hiru hizkuntzatan maila akademikoan komunikatzeko gai dira.

Halako kexa erradikalak jartzen dituzten pertsona asko susmatzen dut hizkuntza bakarrean aritzen direla eguneroko bizitzan.

Iltzeak eta burusoilak

Plistiplasta (ez da egiaztatu) (e)k bidalita 2012, Urtarrila 21 - 10:30(e)an.

Ortografiaren enigma Esteka lagungarria izan liteke ortografiaren kontu honetan. Bide batez esan, itzelezko grazia egin didala ortografiarekin arazoak dauzkan irakasle baten iruzkinak: behinola 'me agarro a un clavo ardiendo' idatzi beharrean, 'me agarro a un calvo ardiendo' idatzi ei zuen :-))))

Gazteleraz euskaraz ez bezala

Joxemari Sarasua (ez da egiaztatu) (e)k bidalita 2012, Urtarrila 21 - 17:59(e)an.

Neu ere, Ainhoa, Magisteritzako irakaslea naiz, matematikakoa, eta euskaraz, ingelesez eta, noizbehinka, gaztelaniaz ere ematen ditut eskolak: beraz, ikasleak hizkuntzen artean brinkoka ibiltze horren berri badakit nolabait.

Nire ikuspegia, ordea, bestelakoa da. Euskarazko hainbat ikasleren arazo larria (askorena bai, denena ez, baiki), nik uste, ez da ortografia akatsak egitea edo Euskaltzaindiaren azken irizpideei muzin egitea: horiek guztiak, alderdi garrantzizkoak izanik ere, geruza besterik ez dira, azal-azaleko kanpoaldea, alegia. Beste batzuk dira, nire ustetan, hizkuntza jabekuntzaren erakusleak: auzo hizkuntzetatik autonomoa den erabilera, adierazkortasuna, gisako ele-jarioa, egokitasuna, hizkuntza-erregistroetan airoso ibiltzea… Komunikatze hutsa ezin izan euskararen hezkuntzaren helburua, ez noraezeko irakaskuntzan eta ez, are nabarmenago, irakasle eskoletan. Tamalez, goian aipatu elementuen gabezia sumatzen dut nik, bereziki, euskarazko ikasleengan, gaztelaniazkoengan ez bezala. Egoera soziolinguistikoa, diglosikoa edo nahi den zeraklosikoa ere kontuan hartu behar dela esango didate, eta egia da, baina horrek ez du argazkia aldatzen: alegia, gure ikasle elebidunen hizkuntza gaitasuna, erabat esan, askoz apalagoa dela euskaraz gaztelaniaz baino.

Nago ni, neurri gutxi-asko zabal batean, gurea ere ez ote den errua, irakasleona esan nahi dut. Nik neronek gutxitan (inoiz ez, hurrean) suspenditu diot inori matematika azterketa bat euskara eskasagatik: ez arrazoi faltagatik, adore faltagatik baizik. Nahikoa kalapita izaten ditut neure ikasle suspendituei haien matematika gabeziak eta hutsen zergatiak ulertarazi beharrez, neure burua are gehiago endredatzeko “euskarakeriak” direla eta.

Baina, jakina, matematika, fisika edo filosofia aise gaindi daitezke haiek irakasteko bide erabili den hizkuntza modu azalekoan ezagutzen delarik: Erasmus-eko ikasleei begiratzea besterik ez dago hori jakiteko. Pentsatzea ikasle batek euskaraz ikasitako matematika, filosofia edo biologia gainditu duelako, eta besterik gabe, euskarazko hizkuntza gaitasuna eskuratu duela, hori geure buruari iruzur zuria egitea da.

Gaizki ulertua dago hemen, nik uste: gaitasun komunikatiboa eta hizkuntza gaitasuna nahastea, alegia. Komunikatzea ondo erraza da, edozein bidaiari saiatuk ederki dakienez. Kalitatez komunikatzea, ordea, beste kontu bat da: hizkuntza noranahikotu eta plegu anitzetako baten jabe izatea eskatzen du horrek, erregistrotan zein egokieran. Eta eskakizun hori baldintza are ezin utzizkoagoa dugu irakasle eskoletako irakaslegaiengan: horien jardun profesionalaren tresna nagusia, nagusirik bada, hizkuntza dutelako; ez nolanahiko hizkuntza, gainera. Eta horra hor nire samina: gazteleraz txukun, airoso eta adierazkor komunikatzen duen ikasle elebidun berberak, maiz aski, euskaraz hastea baizik ez du bere komunikazio jardunak simulakro antza hartzeko; hau da, zuzena da onenean, bai, baina erkin, elbarri eta gozakaitza ere bai.

Aspaldian, euskara doi-doi sartzen hasia zenean unibertsitatean eta haren inguruko pertzepzioa ere oso bestelakoa genuenean, mira eginda nituen Ebroz gaindiko adiskide batzuk: hara, euskara ikasi ez ezik, unibertsitatean matematika irakasteko ere erabiltzen duzu eta! Nik, orduan, erantzun: horrek ez du meriturik, meritua duena da bost urteko ume bati euskaraz egiteko gauza izatea. Bada, hori.

Gaztelania eta euskara, desberdin, noski.

Ainhoa Ezeiza (ez da egiaztatu) (e)k bidalita 2012, Urtarrila 21 - 18:57(e)an.

Esango nuke ez ditudala nire iruzkinean euskara eta gaztelania parekatu. Itsua izatea litzateke hori. Gaitasun komunikatiboaren garapena nahi nukeen baino motzagoa dela derrigorrezko hezkuntzan ere, hori garbi esan behar dut.

Aurreko iruzkinean saiatu naiz soilik aipaturiko artikuluak kritikatzen, eta ez inolaz hausnarketa orokorra egiten. Gaztelania eta euskara egoera berean ez daudela esan beharrik ez dagoela pentsatu nuen. Baina, gaitasun garatuagoa izan ala murritzagoa, nolanahi ere inkoherentzia galanta da derrigorrezko hezkuntza euskara hutsez egin duenari aparteko euskara proba egin behar izatea. Horrek ez du esan nahi pozik nagoenik ikasleen gaitasunarekin, baizik eta probaren beharrak berak hezkuntza-sisteman zehar egiten den lana zalantzan jartzen duela.

Urte gutxi batzuk daramatzat unibertsitatean hainbat fakultate eta eskolatako irakasleei formazioa ematen (IKTetan eta metodologia aktiboetan) eta kasurik gehienetan, ikasleek gaitasun komunikatiboan dituzten hutsen artean ortografikoa da deigarriena eta gehien azpimarratzen dena, aipatu artikuluko unibertsitate-irakasle horrek esan omen zuen bezala. Askoz zailagoa da bestelako gaitasunak eta gaitasun ezak atzematea. Ortografia bai ala bai ikasi behar izan genuenon eta belaunaldi berrien artean amildegia dago ortografiaren erabileran, hortik hain deigarri izatea. Gaztelaniaz, noski.

Baina ni neu ortografiak ez nau askorik kezkatzen. Ez garrantzitsua iruditzen ez zaidalako, ez horixe. Kontua da nabarmenagoak direla diskurtso mamituak ulertzeko eta eraikitzeko izaten dituzten zailtasunak, edo erregistroak bereiztekoak. Hori euskaraz eta gaztelaniaz, bietan gertatzen da.

Heldutasun falta arrazoi garrantzitsua da (alde ederra dago unibertsitatean 18 urte egin berrienen eta bi urte geroago hasten direnen artean), baina esango didazu: "Ados, baina euskaraz gutxiago". Egia da kasu askotan, ze gaztelaniaz erregistroaren aldetik jasotzen duten inputa askoz aberatsagoa da, edo idatzizko ekoizpena zabalagoa da. Ez naiz hemen luzatuko, baina telebista da erregistro eta hizkuntz aldaeraren erakusle eta ikasbide nagusietako bat eta euskaraz zenbat kate ditugu? Oh... eta eskerrak marrazki bizidunei. Orain internet izango da euren aldaera eta irakurgai-iturri nagusia. Ez da oso azkarra izan behar jakiteko euskaraz bilatuta emaitza gutxiago topatzen dela.

Unibertsitatera iristen direnean, testu aberatsak, konplexuak irakurtzeko aukera izango dute, beste hizkuntzetakoak berreraikitzeko eta euren garapen kognitiboa, intelektuala, komunikatiboa garatzeko. Unibertsitatean euskaraz ekoiztea funtsezkoa da horretarako, hori ere ondo dakigu, eta orain ANECA eta antzekoen eraginez ingelesez argitaratzeko dugun presioarekin, badirudi militantzia titularrak garenerako gorde behar dugula... baina hori beste eztabaidagai bat da.

Zenbaitetan helduoi ahaztu egiten zaigu nola idazten genuen 18 urte genituenean, nola argumentatzen genuen, nola adierazten genituen gure ideiak... Eta heldutasuna ere, gero eta berantiarragoa da. Gainera, gero eta gazte gehiago iristen da unibertsitatera, onak eta ez hain onak. Hori dena kontuan hartu ondoren, hauxe esango nuke:

- Hezkuntza-sistema formalak asko hobetu behar du hizkuntza-gaitasunaren eta oro har, gaitasun komunikatiboaren garapenaren alde, bereziki DBHn.

- Hizkuntza-proba bat jartzea ez da euskararen kalitatearen irtenbidea. Horretaz asko eztabaidatu da baina proba batek ez du inoiz ebaluatuko hainbat ikasturtetan egindako lan-bildumek eta ikaslearen aurrerabidearen segimenduek baino hobeto.

- Ikasleek hizkuntza-kontzientzia izateko, irakasleok ere izan behar dugu. Magisteritza Eskoletan hori landu behar da, garbi dago. Baina haurren garapen kognitiboa dela eta, mugatua da Lehen Hezkuntzan egin daitekeena. Funtsezkoa, oinarriak, baina mugatua. DBHn, Batxilergoan eta, jakina, unibertsitatean gabiltzanok bultzatu behar dugu kontzientzia hori. Baina hizkuntza-gaitasuna eta, are zailago, gaitasun komunikatiboa zer den, zer esan nahi duen, irakasle gutxik ulertzen du ortografia edo sintaxiaz haratago (eta hori, irakasle dezenteren euskara-maila mugatuan sartu gabe).

- Hizkuntzaren kalitatea hobetzeak, irakaskuntzan gabiltzan ororen konpromisoa eskatzen du. Zoritxarrez, "Lenguakoen" kontua dela esaten da. Jakin nahi nuke nola gaindi dezakeen ikasle batek Filosofia ikasgaia gaitasun komunikatibo eskasez. Nola ulertzen ditu testuak? Nola eztabaidatzen du? Nola idazten ditu bere pentsamendu eta hausnarketak? Eta Historia? Nahikoa ote da buruz ikastea? Test moduko azterketak egiten dituzte ala?

Ez dakit ba, erraza da azterketa bat jartzea eta epailearena egitea, zu bai zu ez. Askoz zailagoa da gure irakats-lana serio hartzea.

Estetika, gaitasuna eta praktika

benito (e)k bidalita 2012, Urtarrila 21 - 20:53(e)an.

"Terrible" epiteto horrek ikaratu egiten nau apur bat. Terriblea euskaraz akatsak egitea? Tira, hain terriblea ez da izango akatsa egiten bada, akatsa egiteak zerbait egin dela esan nahi du eta, hizkuntza erabili dela. Terribleagoa izango litzateke akatsik ez egitea akatsaren beldurrez.

Euskaraz egiteko gaitasuna nola zertifikatzen den kezkatuta gaudela dirudi, eta gaitasun hori ortografiak, gramatikak.eta erakusten digute nonbait. Eta nago hizkuntzaren estetikan ez ote garen geratzen sarri. Gure kasuan arduratzekoagoa zait askotan inora ez doazen proba-testuetan agertzen direla akats horiek, idazlan akademikoetan, balizko eta ustezko hartzailea duten gutun-mezu-twit-etan, bertsolarien antzera epaimahai baten aurrean gai baten (ez hain) inprobistatutako jardunean, ikasleak bere bizitzari zer ekarriko dion argi asmatzen ez duen ikasgaietako lanetan akaso.

Eta norberaren bizitzari zer esana ematen dioten uneetan ta ekintzetan akatsik ez agertzea egiten zait terriblea. Halakoetan euskararen arauak behin eta berriz urratuko balira ez nuke terrible hitza erabiliko behintzat.

 

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
Sindikatu edukia