16
Mar
2010
12:45

Zazpietan tontoa

Hizkuntza asko jakiteak ez gaitu, berez, ez zuzenagoak ez bizkorragoak egiten. Koldo Mitxelenaren hura datorkit gogora: miraz mintzatu zitzaizkiolarik sei/zazpi hizkuntza omen zekizkien pertsona batez, Mitxelenak erantzun zuen zorroztasun piper hain berearekin: “Bai, baina zazpi hizkuntzetan da tontoa”

— Anjel Lertxundi

Dantzara dei (Berria)

0
Bozkarik ez oraindik
Zure balorazioa: Bat ere ez

Zapietan tontoa

H. Etxeberria (ez da egiaztatu) (e)k bidalita 2010, Martxoa 16 - 13:22(e)an.

Ez dakit nondik atera duen Anduk anekdota hori, igual neronek kontatuko nion, baina izanak izan, Mitxelena biktima zuen gertaerak. Bera ez zen borreroa.
Hara: behin Oteizak deitu zidan bere Indoureperraren "liburu zuriari" egurra eman niola eta Getarian elkarrekin bazkaltzeko. Esan nion oso haserre nengoela, gure hizkuntzalari handi guztiak liburu horretan mesprezuz tratatzen zituela eta. Azkue eta Mitxelena tartean.
"Es que Mitxelena era tonto" esan zidan eta nik orduan esan nion nola izan zitekeen tontoa 16 hizkuntza zekien norbait. Eta berak erantzun: "Es que era tonto en 16 idiomas".
Horixe neuri gertatuetako bat, Oteizarekin beti gertatzen zen zerbait eta.

Hizkuntzaren negozioa

benito (e)k bidalita 2010, Martxoa 16 - 13:43(e)an.

Nik, eta seguruenik Anduk ere bai, erositako prezioan saldu besterik ez dugu egin. Ez al da hasiko orain polemika nork nori tontoa deitu! ;-)

Anduk mahaira ekarri digun gaiari erreparatuko nioke batez ere, eleaniztasuna saltzen zaigu norbera pertsona modura aberastu eta garatzeko bide bezala, eta hala denik ez dut ukatuko, baina ez dezagun ahaztu era berean hizkuntzaren irakaskuntza negozioa ere badela, eta horren atzetik dirua eta interesak asko dabiltzala.

Helduen euskalduntzera etorrita hain zuzen ere, batzuetan matrikula eta ikasle kopuruez mintzo garela, perspektiba ez ote dugun galtzen pentsatzen hasten naiz neure artean, marketing-aren oihanean arbolek eta sasiek bidea estaltzen hasi zaizkigun edo.

Bistan da mamia zeuk diozuna

H. Etxeberria (ez da egiaztatu) (e)k bidalita 2010, Martxoa 16 - 13:53(e)an.

Bistan da mamia zeuk diozuna dela kontu honetan, Benito: hizkuntza gehiago jakiteak ez gaitu hobeak egiten.
Baina juxtu zuk hautatu duzun zatia (eta ez beste bat), argitu baizik ez dut egin nik. Eta barkatu, baina pentsamendu hura: "16 hizkuntzatatan da tontoa", oso distirantea da nire ustez. Eta ez zen Mitxelenarena izan, baizik eta Oteizarena. orixe egiaztatu nahi nuen, besterik ez.
Ez da nire baitakoa izan inor gai funtsezkotik despistatzea, neuri gertatutako bat argitzea baizik. Hala ere, ez bazaizu egokia iruditzen, berandutxo dut ezer zuzentzen hasteko. Sentitzen dut.

Eskerrik asko

benito (e)k bidalita 2010, Martxoa 16 - 16:12(e)an.

Ez duzu ezer zuzendu behar Hasier, ezta barkamenik zertan eskatu ere, ekarri diguzun kontakizunak gehiago du estimatzeko zuzentzeko baino, eta seguru nago ilustratzeko asmo sanoarekin baino ez duzula egin. Nire erantzunean umore ikutu bat baino ez diot eman nahi izan kontuari eta dorpe ibili naiz eta ez dut asmatu, bistan da.

Beraz, lasai hartu eta barkatuidazu zuk erreietan hasi natzaizula interpretatu bada, ez da nire asmoa izan inondik ere, eta eskerrik asko berriro ekarpenagatik.

Argitze aldera

anjel (ez da egiaztatu) (e)k bidalita 2010, Martxoa 16 - 16:01(e)an.

Salvador de Madariagaren jarraitzaileren batek —edo beharbada Madariagak berak— sei hizkuntzen ezagutza baliatu omen zuen argumentu gisa Ortega y Gasset filosofoaren kontra zeraman polemikaren batean. Eta hizkuntzen ezagutzan batere umezurtz ez zen Ortega y Gasset-ek:

“Bai, baina don Salvador tonto totala da dakizkien sei hizkuntzetan”.

Unamunori ere egozten zaio esaldia, sarean begiratu besterik ez dago. Eta Churchilli. Eta Kierkegaardi…

Atzerago joko bagenu, adibide gehiago ere aurkituko genituzke, eta gero eta atzerago eginez, hor topatuko genituzke Aristoteles filosofoa alde batetik, Praxiteles eskultorea bestetik anekdota bera protagonizatzen.

Mitxelenak esaldia bota zuenean —eta bota omen zuen euskara batuaren auziaren gorrienean: se non è vero, anekdotek kokapen historikoan hartzen dute indarra—, hizkuntzalariaren asmoa ez zen esaldiaren orijinaltasuna aldarrikatzea, egoeraren muina adieraztea baizik: hizkuntza asko jakin arren, urlia tontoa zen (dudan nago nor zen Mitxelenaren geziak jo nahi zuen urlia, horregatik ez dut haren izenik emango).

Beldur naiz anekdotaren handik honakoen erabilera horretan —eta eztabaidagai ditugun bertsioen arabera— ez ote den Oteiza tonto gelditzen dena eta ez Mitxelena. Errenteriarrak eremu ez bereetan jardun izana salatu zion oriotarrari, eta —hona nire iritzi aratza— oriotarra da elefante baten gisa baldarrean ibili zena errenteriarraren kristaldegian.

Nolanahi ere den, zutabean nerabilen anekdotak beste zerbait adieraztea zuen helburu: munta ez du dakizunak, dakizun horren zertarakoak baizik.

Anekdotak ilustratu nahi zuen muinera itzuli nahi nuke, beraz: hizkuntzen irakaskuntzan “txin-txin hotsa ez ahal da izango dantzarako dei bakarra”.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
Sindikatu edukia