18
Aza
2011
23:16

Hizkuntz-edukien eguneratzeaz

Lotura

Hona, Felipe Zayasen testuaren bukaera (osorik irakurtzea gomendatzen dizuet):

‘Hizkuntzaren didaktikaren eraberritzea ez dago edukien eguneratzearen pentzu. Hizkuntza-zientziek eskaintzen dizkiguten hizkuntzaren ikuspegi berriek -irakasle trebatuak ezagutu beharrekoak- garrantzizkoa hobeki irakasten lagundu behar digute; alegia, linguistikoki konpetenteagoak izaten, hitzezko komunikazioan konpetenteagoak izaten. Testu-linguistikako azterlanek ez zuten sekula balio behar izan testu-liburuen edukiak hazteko, baizik eta irakasleok testuen nolakotasunari buruzko ezaguera eskura genezan; horrela gure ikasleei laguntza zehatzagoa eman ahal izateko idazten eta irakurtzen irakasten diegunean.’

Ez ote diogu guk ere, gure etxean, meta-hizkuntzari gehiegitxo erreparatu/erreparatzen? Ez ote zaigu behar baino gehiagotan interakzioa dela ardatza ahazten? Niri bai, behintzat. Mea culpa.

5
Batez bestekoa: 5 (1 vote)
Zure balorazioa: Bat ere ez

Honen harira

benito (e)k bidalita 2011, Azaroa 21 - 00:25(e)an.

Despistatuta ibili naiz egunotan eta orain arte ez diot mezu honi erreparatu, lo geratzea zer den :D

Zayasen hitzak interesgarriak, inoiz halako zeozer barruntatu dut, eta askotan irakasle-didaktikari batzuengan sumatu dut joera hori. Zeharka aipatu duzu 4.mailaren inguruan gurean gertatu dena, antzerako zerbait testuaren linguistikarekin gertatu denaz. Akaso gurean ere beste leku batzuetako bekatuak erreproduzitzen ditugu.

Halako ekarpen zientifikoetatik ikasleei lagunduko dieten tresna, makulu edo estrategia metalinguistikoren bat lortuko badugu, ongi etorri ideia eta eskema berriak, baina irakasleak "sabioen" hitzak ikasleari transmitzera mugatzen denean, edo haien interpretazioa, hausnarketa eta iragaztea izpiritu kritiko minimorik gabe tratatzen baditu, alferrikakoa da hori dena. Alferrikakoa edo kalterako sarri.

Bide batez, lehengo egunean irakurri nuen artikulu hau buelta honetan kokatu daitekeela iruditzen zait. Zer diozue?

PISAko dorre okerra

Plistiplasta (ez da egiaztatu) (e)k bidalita 2011, Azaroa 21 - 08:41(e)an.

Joseluren ezinegona eskola eredu zaharkitu baten ondorio da, eta PISA txostenak dira eredu horren adierazgarri eta neurgailu (zaharkituak hauek ere). Iruditzen zait ura pasa ondoren, presa egin nahian dabilela Joselu. Ikasleak ez dira edukiontziak izan behar, irakasleak ez dira beti karretilatxoarekin dabiltzan biltegizainak izan behar eta ikas-irakaskuntzaren nukleoa ezin da beti edukia izan. Nahiz eta kontu honetan Santillana argitaletxea eredugarria izan ez, gaur goizean, gosaldu bitartean, irratian entzun diot argitaletxe honetako arduradun bati orain arteko jarraibidea aldatu eta eduki-zabaltzaile izatetik, zerbitzu didaktikoak eskaintzen dituen enpresa izatera jo behar dutela eta jokabide berri horretan edukiak beste ildo bat izango direla baina ez bakarra. Horixe ba, gaur egungo ikasleak ez dira Gutenberg galaxiara mugatzen, galaxia berriak dituzte ikusgai, irakurgai, ukigai, entzungai. Aldatu egin da interakzioa eta PISAko dorreak oker darraio.

Hizkuntz-edukiak eguneratu

beolarra (ez da egiaztatu) (e)k bidalita 2011, Azaroa 19 - 09:27(e)an.

interakzioa ezinbesteko baldintza da hizkuntza ikasteko, baina baita ikasleari eskaintzea, berak benetan ikasi nahi duena: idazten, hitz egiten, hizkuntzaren eredu estandarra, euskalkia... Eta ez dugu ahaztu behar praktikak, interakzioak, ez duela berez zuzentasuna ekartzen eta ikasleak talde txikietan komunikatzen jartzeak batzuetan komunikazioaren presioaz erroreen fosilizazioa ekartzen duela.

Beraz, eman diezaiegun gure ikasleei hizkuntza erabiltzeko aukera, haiek nahi dituzten gauzak egiteko, jar ditzagun hizkuntzarekin harremanetan, benetako hizkuntzarekin harremanetan eta erabiltzen diren hizkuntza edukiak irakatsi.

Mila esker artikuluagatik, irakurri egingo dut

Biltegizainak

plisti-plasta (e)k bidalita 2011, Azaroa 20 - 10:52(e)an.

Luze joko luke zure mezu interesgarriari egoki erantzuteak, interakzioa eta praktika zer diren ere definitzea eskatuko bailuke. Baina esan dezadan lehenbailehen eta azpimarratuta, nire iritzian ere interakzioak ez diola sekula uko egin behar zuzentasunari. Ala, akaso, uko egiten al dio ezein hizkuntzatako hiztunek?

Nire 'mea culpa' horren atzean beste kontzeptu baten errefusa besterik ez dago. Kontzeptu honen arabera, hizkuntza biltegi (edo euskaltegiko apalategi) handi bat da. Bertan ditugu kutxa (edo karpeta) berdeetan sartuta B1eko edukiak, kutxa urdinetan B2koak, laranjetan C1ekoak, laruetan C2koak eta kutxa gorrietan azterketakoak. Noizean behin, mandatariak kutxa berri txuri distiratsuren bat ekartzen digu (azkeneko biek modalizazioa eta kate forikoa dute idatzita gainean!) Eta guk, irakasleok, zer egin behar dugu, bada? Karretilatxoa hartu eta taka-taka ikasgelara eraman.

Zorionez, honela arituta ere sortzen da interakzioa; hizkuntzari, nahitaez, borborka baitario. Baina, darabilgun kontzeptu oker honek kamustu egiten duelakoan nago. Zuk zeuk, Beolarra, esan duzu nik baino hobeto eta zure hitzekin amaituko dut iruzkina:

‘Beraz, eman diezaiegun gure ikasleei hizkuntza erabiltzeko aukera, haiek nahi dituzten gauzak egiteko, jar ditzagun hizkuntzarekin harremanetan, benetako hizkuntzarekin harremanetan.’

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.

Tags for Hizkuntz-edukien eguneratzeaz

Sindikatu edukia