...baina honelako plan bat ez
martinrezola 2008-02-01 @ 13:11
“Plan bat behar duzu!”, genioen aurrekoan, batzuen axolagabekeria hizpide. Baina ez edonolako plana, ez horixe. Andoni Egañak ere ohartarazten zigun lehengoan, txostenismoa da gaur egun zabal-zabal dabilen ajea. Ez dugu plan polit, distiratsu, eskaparatean erakusteko bat, langile eta arduradunen artean ongi errotutako plan bat baizik. Plana “flan” bihur ez dadin, beharrezkoa da produktua ondo saltzea. Begira, bestela, zer gertatu daitekeen (Dabid Anaut nafarraren Txokotik zabalera liburutik lapurtutako pasartea):
BADUGU PLANA!
Batzordea bilduta dago. Askotariko mahaia dugu: kudeatzaile, teknikari, arduradun, batzordeburu, aholkulari, idazkari, administrari, agintari... Denak isilik daude, bilera noiz hasiko zain. Batzordeburuak hitza hartu du, serio demonio: –Adiskideok, euskara kinkan dugu, kinka larrian. –Egoera zaila da, ados nago –batzordeburu-ordeak. –Datu eta adierazle guztiek hala erakusten digute –teknikariak. –Baita grafikoek eta estatistikek ere –aholkulariak. –Zerbait egin beharko dugu. –Bai, zerbait. Egoeraren larritasunaz kontsentsua dugu batzordean. Kopeta beltza denek. Isilik gelditu dira denak berriz, batzordeburuak berriz hitza hartu duen arte. –PLAN bat egin dezagun. Lehendabiziko txinparta piztu da. –Bai, Plana. Plan bat behar dugu –bizpahiru ahotsek aldi berean. Txinpartak berehala piztu du sua. Denak, kudeatzaile, teknikari, batzordeburu..., denak ere aho batez, oihuka: –PLANA! PLANA! PLANA!... –Baina ez dezagun plana egin, DISEINA dezagun –ozta-ozta aditu den ahots batek. Txaloak proposamen berriari. –Horixe, diseinu on bat egin dezagun. –Plana diseina dezagun, beraz. Mahaikideen aldartea aldatzen hasi da. Begiradak eta kopeta beltzak hasiak dira argitzen. Bilerakide asko, dagoeneko, koadroak, geziak, eta baita taulak ere marrazten ari da, zirriborro. –Hasteko, hitzaurrea eginen dugu –esan du agintariak. –Eta gero LEHENTASUNAK –batzordekide batek. –Eta irizpideak! –berriz ere agintariak. Etsipenaren horma erori da. Bizipoza barreiatu da mahai inguruan. –Baliabideak! –Aukerak, arriskuak, mehatxuak, indarguneak... –Eta, eta, eta... eta KRONOGRAMA! Lehertu dira bihotzak. –Aufi! Kronograma bat ere eginen dugu, kronograma eder bat. –KRONOGRAMA! KRONOGRAMA! KRONOGRAMA! –denak batera, oihu batean. –IXO! Denal isildu dira, harrituta. Garrasiak alaitasunaren galdak ia-ia itzali egin ditu. Euforiaren aparrak behera eginen ote du? –Baina, zertan ari gara? –batzordeburuak hartu du hitza berriz ere. Inork ez du txintik esaten. denak mutu. Zur eta lur. –Ez al zarete ohartzen? Hitzik ez. harridura eta larridura. –Garrantzitsuena falta da. –Zer duzu, bada? Zer da falta? –Lagunok: DIAGNOSTIKOA! Diagnostikoa falta da. –Aaaaaaaa! Egia da. Diagnostikoa falta genuen. –GORA DIAGNOSTIKOA! Lasaitu ederra hartuta, denak ozen eta batera, kontsigna: –Diagnostikorik gabe, planik ez! Diagnostikorik gabe, planik ez! Euforia eta giro ona berriz ere nagusi dira. Batzordekideak piztuta daude, produkzio betean. –Antola dezagun, beraz, egitekoa. –Batzorde bat beharko dugu. –Eta azpibatzordeak. –Nolako batzordeak beharko ditugu? Batzorde eragileak? Jarraipen batzordeak? Batzorde eratzailea akaso? Zuzendaritza batzordea ere beharko ote dugu? –Batzordeak osatzeko batzordea ere egin dezakegu. –Eta batzordeen batzordea? Erretolika nahasiaren erdian, ahots zuhur batek hitza hartu du. Denek ezagutzen dute, eta adi-adi daude, haren iritzia onartuko dela jakinki. Solemnitate osoz solastatu da. –Baina gauzak ongi egin ditzagun, adiskideok. Batzordeak eta azpiegitura martxan jartzeko, ezinbestean, prozedura bat beharko dugu. –Horixe baietz, prozedura! Denak ozenki: –PROZEDURA! PROZEDURA! Ahots zuhurra, berriz: –Bada, prozedura antolatzeko, PLAN bat egin dezagun. –Bai, Plana. Denak: –PLANA! PLANA!PLANA! –Baina ez dezagun plana egin, DISEINA dezagun. Txaloak proposamen berriari. –Horixe, diseinu on bat egin dezagun. –Plana diseina dezagun, beraz. –Hasteko, hitzaurrea eginen dugu. –Eta gero LEHENTASUNAK. –Eta irizpideak! [...jarraitzen du. Jarraipena ikusteko, itzul idatzi honen hasierara, eta segi irakurtzen]
Zabaldu Bildu.net |
del.icio.us

