Eusko Jaurlaritzak euskararen erabilera sustatuko du 20 udalerritan "Kontalaria" programa berriaren bidez

Actualizado: lunes, 27 septiembre 2010 14:36

GASTEIZ, 27 Sep. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzak euskararen erabilera sustatuko du eremu publikoan "Kontalaria" egitasmo berriaren bitartez. Programak 20 bat udalerri bisitatuko ditu urriaren 2an hasita, eta bere beste helburuetako bat ipuin kolektibo bat sortzea izango da.

Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak egitasmoaren prentsaurrekoan azaldu duenez, "inposizioetatik kanpo, limurtzea da jarraitu beharreko bidea hizkuntza bat irakatsi edo ikasterako orduan". "Askotan errepikatu dugu, Jaurlaritza honen hizkuntza-politika limurtzean, hitzaren balioan eta hizkuntza ikasteko poztasunean oinarritu behar da", gaineratu du.

Horregatik, Urgellek "Kontalaria" proposamen berria defendatu du. Egitasmoak kamioi batekin bisitatuko ditu Bilbo, Irun, Donostia, Deba, Tolosa, Beasain, Eibar, Durango, Arrasate, Oñati, Gasteiz, Laudio, Galdakao, Barakaldo, Getxo, Bermeo, Mungia, Gernika eta Lekeitioko plazak.

IPUIN BAT KONTATU

Programan parte hartzen duen orok kamera bat eta pantaila bat izango ditu ipuin bat kontatzeko. Hala ere, gaia ez da librea izango, parte-hartzaileek aurreko kontakizuna jarraitu beharko dutelako, aurretik parte hartu duen pertsonaren azken esaldia entzun ondoren.

Gainera, kontakizun guztiak www.kontalaria.com webgunean ikusi ahal izango dira, eta batzuk EiTB taldeko kanaletan ere emango dira. Halaber, 20 udalerrietan ibilbidea bukatzen denean, abenduaren 3an, kontakizunak argitaratu editatu eta ipuin kolektiboko forma emango zaie.

Bestalde, Bego Muruaga Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak azaldu du "Kontalaria" proiektua "oinarrizko bi estrategiari" erantzuna eman nahi diela, hain zuzen ere, "alde batetik, herritarrei adierazpen tresna bat ematea lengoaia ludikoa eta normalizatua bultzatuz, eta bestetik, eguneroko espazio publikoetara hurbiltzea kalearekiko ekintza zuzenaren bidez".