Berria.info

Asteazkena, 2008ko azaroak 19 -

2008-01-23

Joxerra garzia - Idazle eta irakaslea

«Euskara bultzatzeko ditugun tresnak pattal erabiltzen ari gara»

Edu lartzanguren

Zer -kristo, arraio, demontre- egin behar dugu euskararekin? izenburupean hitzaldia emango du gaur Ordizian (Gipuzkoa) Joxerra Garzia (Legazpi, Gipuzkoa, 1953) idazle eta publizitate irakaslea EHUn.

Ez al da pixka bat zirikatzailea hitzaldirako aukeratu duzun izenburua?

Euskararen egunean Donostian emaniko hitzaldi baten harira sortu zen izenburua. Aspertuta nenbilen beti gauza beretsuak esaten, eta zer edo zer berezia egitea pentsatu nuen. Titulua ikusita, eskaera batzuk izan genituen hitzaldia egiteko. Izenburu horren azpian egun euskararen inguruan egiten diren hizkuntz politiken halako diagnostikoa egin nahi genuen. Zer egiten ari garen ondo eta zer egiten ari garen gaizki aztertu, eta nola egingo beharko genukeen aurrera. Hitzaldia publikoaren arabera moldatzen dugu. Ordizikoan nahiko jende ilustrea espero dugu.

Joxe Azurmendik duela 30 bat urte idatzi zuen artikulu bat ekartzen du gogora zuen hitzaldiaren izenburuak. Mugarria izan zen artikulu hura...

Joxe Azurmendi oso goian dago guretzat eta garai haiek ezberdinak ziren, baina tarteka egin behar dira Azurmendik orduan egin zituen hausnarketa bezalakoak. Azurmendirekin batera Jon Sarasua izan dugu honetan pentsalari handia. Duela hamar bat urte artikulu mamitsu eta probokatzaileak idatzi zituen, baina ez dute izan Azurmendirenak beste oihartzun, eta pena da. Euskararekin zer egin behar den galdetzeko asmoa dut, hainbat aditzen bidez: zabaldu, hedatu, prestatu, egokitu, komunikatu, maite, erabili? Azkenean ateratzen den ondorioa da dena egin behar dugula, baina modu koordinatuan. Eta horretatik egun ditugun hizkuntz politiketara heltzen gara, bai erakundeen politiketara zein kontra-instituzioeen politikara.

Deskoordinazioa da arazo nagusia?

Euskararen aldeko kanpainak egiten dira, baina erakunde edo talde bakoitzak lau trago edan eta gero bururaturiko lau txorakeriatik abiatuta. Batek esaten dizu aire-aire euskarari, gero asmatzen dugu birus bat, gero euskarak behar zaitu... Anabasa da. Ditugun tresnak pattal erabiltzen ari gara, hezkuntza sistema, komunikabideak... Euskara saldu beharreko produktu bat da, komatxoen artean, eta horretarako koordinazioa behar da. Baina irizpide argiak behar ditugu eta ez ditugula ematen du. Ekintza txikienak egiteko, aztertuta eta adostuta izan beharko dugu euskararentzako etorkizunerako ildo estrategiko nagusia, beste gauzak egiteko.

Nori dagokio, ordea, hori koordinatzea?

Herri honetan dagoen sare eta mugimendu sozialen indarra kontuan hartuta, lastima litzateke hori guztia erakunde ofizialen esku uztea. Kontsentsua beharko litzateke horretarako. Orain ez da halakorik gertatzen. De facto bi kultur saila daude, bata Gasteizen eta bestea Kontseilua, eta hori oso txarra da herri txiki batean.

 


Hitzaldia. Joxerra Garzia: 'Zer egin behar dugu euskararekin?' Lekua: Barrena kultur etxea, Ordizia (gipuzkoa). Noiz: Gaur, 19:00etan.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia