27
Abe
2011
15:32

Duolingo

@luistxo. Luistxo Fernandezi esker ezagututako bideoa. Bertan, Internetek ahalbideratzen dituen proiektu eskergei buruzko ideia erakargarriak ageri dira. Duolingo dugu horietako bat, Internet osoa hainbat hizkuntzatara itzultzeko proiektua, hain zuzen. Horretarako hizkuntza ikasleen lana baliatuko dute, berauek izango baitira itzultzaileak. Eztabaidagarria da zer-norainoko balioa izan lezakeen itzulpenak hizkuntzaren eskurapenean. Baina bada bideoaren hitzartean zer pentsatua ematen duen ideia bat: nahiz eta hizkuntza ez jakin, hitzen esanahia jakinez gero, gizakia gai da esaldiaren esanahia inferitzeko eta ekinbide horretan sortzen diren akatsak adimen kolektiboak zuzen litzake. Zer esanik ez, itzulpenarena ezin da ikaskuntza modu integraltzat hartu baina, agian, Duolingo bezalako proiektuak integragarriak dira ikas-irakas prozesuetan. Oxala Dulolingo proiektuan euskarak presentzia izango balu!

Orain arte idatzitakoa irakurrita, iruditzen zait ez diodala mesede handirik egiten bideoari, nire hitzak baino askoz interesgarriagoa baita. Aurkezpen eredugarria iruditu zait: ideia potenteak ditu, ondo azalduak, umorea tartekatuz, hurbiltasuna adieraziz, diapositibak egoki eta modu anitzean erabiliz... Eredugarria, alajaina!

5
Batez bestekoa: 5 (1 vote)
Zure balorazioa: Bat ere ez

Asimetriaren ikara

plisti-plasta (e)k bidalita 2011, Abendua 28 - 02:16(e)an.

Duolingo bezalako proiektuek badute arrisku handi bat, asimetriarena alegia. Pentsa ezazue zer-nolako lan erraldoia den Internet osoa itzultzearena. Bada, adibide baterako ingeles hizkuntzaren ikasleak asko izan arren, beraiek dira zatirik txikiena itzuli behar dutenak (askok gutxi). Hiztun gutxi dituen hizkuntza baten ikasleek (edota hiztunek), berriz, gutxi izanagatik, askoz Internet zati handiagoa itzuli behar dute (gutxik asko). Asimetria honek ezintasunaren aurrean ere jar gaitzake; are, kontuan izanik Internet egunez egun handituz doan Hidra bihur dakigukeela. Baliteke, beraz, hau bezalako asmo oneko ekinbide batek hizkuntza txikien txikitasuna areagotzea, babes suerta litekeen espazio intimo propio hori ere nolabait ahultzea.

Asimetriaren esperantza

plisti-plasta (e)k bidalita 2011, Abendua 28 - 09:47(e)an.

Duolingo dela eta, duela bi urte eta erdi pasatxo idatzitako artikulu hau berrirakurri dut. Eta kontuari pare bat buelta eman ondoren, lehengoan jarraitzen dudala aitortu behar dizuet (ez da, ez, seinale ona). Berriro ere asimetria da arrazoia.

Iruditzen zait Duolingo bezalako egitasmoaren eta Interneten iraupenak ez datozela bat; horrelako egitasmo batek Internetek berak baino iraungitze edo eraldatze data hurbilagoa izaki, ezinezkoa duela bere helburua jomugara eramatea. Beraz, batetik, nire ustez, Interneten hizkuntzak gero eta leku gehiago egingo die lengoaia anitzei eta, bestetik, hizkuntzei dagokienean, nahiz eta gaur-gaurkoz barre egiteko ere balio izan, automatizazioan dago gakoa.

Duolingo

benito (e)k bidalita 2011, Abendua 28 - 18:24(e)an.

Aurkezle abila da Van Ahn duda barik, baina Duolingo horretaz eman duen informazioa apur "komertziala" iruditu zait, "Ikasi ingelesa 5 egunean" horiin antzerakoa. Ez dakigu zehazki Duolingo horrek zelan funtzionatuko duen, ez zer egingo duen, bakarrik harekin egin litezkeen "marabila" batzuk.

Beta pribatua ireki dela dirudi, eta momentuz gaztelania eta alemana baino ez ditu eskaintzen ikasteko hizkuntza modura, laster frantsesa, italiera eta txinera datozela diote.

Ideia bera ez zait txarra iruditzen hala ere, zuk esan duzun modura ikaskuntza prozesuan elementu edo tresna lagungarria da itzulpena, eta itzulpen horren feedback moduko bat eskaintzea ere bai. Alde horretatik, eta berak espero duen arrakasta-motibazioa lortuko balu, ez litzateke kalterako izango, baina ikusi egin beharko da.

Gogoratu dut Facebook-ek itzulpenak zuzentzeko erabiltzen duen teknika, edo orain arte erabili duena. Alboko barra batean esaldi edo hitz-kate bat jarri eta itzulpena zuzena den galdetzen die erabiltzaileei, aukera batzuk emanaz (erabiltzaile batzuek egindako itzulpenak direla suposatzen dut).

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
Sindikatu edukia